XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Betidaniko faxista zaharra bat-batean betidaniko demokrata bilakatzen zaigu: eta demokrazia zer den, lezioak ematen hasten zaigu.

Franciscori orain Patxi deritza.

PSOE beti abertzalea izan da.

Borrokariak borrokan jarraitzen du.

Beti goxo-goxo bizi izan denak berriz ere laster egiten du habia, edo besteren batek utzi duen habian akomodatzen da.

Nahi haina kanbio eginda ere munduan, irabazleen arraza ez da berehala kastatuko.

Berez sortzen da.

Baina zenbat jende, gure lagunak, ilusioz beterik eta sakrifizioz kargaturik ibili ondoren makina bat urte, etsi eta ez dauka sentidorik Estatuaren eta situazioaren adarren batetan kokatzen ari dena!.

Nekatua, abaildua...

Nire lagunak ondotxo daki, torturak ez direla akabatu, zapalketak berdin-berdin jarraitzen duela, okupazio indarrak daudela aberrian inbasio tropak, sozialismo gizatiar baten eraikuntza-lanerako inoiz baino premia gehiago dagoela.

Saiatu beharra dagoela.

Jakin bai, badaki.

Baina bizi egin nahi du.

Eta behinola borrokatzen zuen Estatuaren barruan, bake berriaren epelean, bere bizitza egiten du isil-isilik.

Ez du idazten: interes eta hobby berriak desarroilatu ditu, golf, zinema zaharra, teatroa, emazteari laguntzen dio Erdi Aroko literaturaren inbestigazioetan.

Lagunarte seguruan sentitzen denean bere oposizio gogorra errejimenari erakusten du.

Eta goizero-goizero bere enplegatu lanetara joaten da, zortzi ordu egoten da, etxera itzultzen da, bizitzen hasten da eguna ilundu arte, emaztearekin oheratzen eta jaikitzen da, hiritar bat da, ez markatua, ez sospetxosoa, ez da bizi dardaraz.

Bakarrik noizean behin albistea entzuten du nondibait, halako atxeman dutela, behialako adiskidea, Pragan dagoela preso, eta egun batzuk ikaraz egoten da, baina ez da ezer pasatzen.

Bere lana zintzo egiten du eta ez da behar ez duen arazoetan malmetitzen.

Egunotan berriz ere idazle zenbaiten prozesoak eta kondenak izan dira Pragan.

Errejimen batzuetan idazleen prozesoak gobernatzearen parte organiko dira.

Izenak begiratzean banekien, ez zela agertuko nire adiskidearena.

Ez, ez zen ageri.

Poztu egin naiz.

Beharbada tristatu da egin naizena.

Aspaldian ez dakit adiskidearen berri.

Baina egunotan, esperantzatik desertatu zuen adiskidea ezin nuen burutik kendu.

Eta badakit bera ere nitaz sarri oroitu dela, Pragan berriz ere idazleak prozesatzen zituzten artean, eta isil-isilik nirekin hitzegiten zuela, inoiz galdetu ez diodanari erantzunez.